Gure ikuspegia – Auto Consumo al Detalle – ENERAGEN

Energia ekoizteko eta kontsumitzeko ohiko ereduak aldatu dira jada. Eta bilakaera horren funtsezko alderdi bat da energia elektrikoaren ekoizpen deszentralizatua egiten duten instalazio txikiak agertu izana, energia hori kontsumitzen den puntuarekin lotuta.

Gure lurraldeak baldintza ezin hobeak betetzen ditu autokontsumo-sistemak ipintzeko etxeetan, enpresetan eta administrazio publikoetan.

Gure etxe, enpresa eta erakundeetan autokontsumoko instalazioak arian-arian txertatzen eta orokortzen ari direnez, epe ertain eta luzera paradigma-aldaketa gertatuko da energia elektrikoaren ekoizpeneko, garraioko, banaketako eta kontsumoko katearen ikusmoldeari dagokionez, kontsumitzaileak berak beteko baititu eginkizun horiek guztiak, bere kabuz eta modu integratuan.

Eragile berri horren eginkizuna hain da funtsezkoa, ezen Europako Batzordea hasi baita jada berezko izaera duen figuratzat aipatzen; horrela, bada, aurrerantzean energia ekoizten duten produktore-kontsumitzaileei “Prosumitzaileak” deituko zaie.

Europako Batzordeak berak esanbidez nabarmentzen ditu autokontsumoko instalazioen abantailak 2016ko abenduan aurkeztutako energiari buruzko “Winter Package” neurrien paketean.

AUTOKONTSUMOKO INSTALAZIOEN TRATAMENDUA WINTER PACKAGE PAKETEAN

Zer eginkizun betetzen dute teknologia adimendunek energia garbiranzko trantsizioan?

Kontsumitzaileak dira energia-trantsizio honen sustatzaile. Teknologia berriei esker, hau da, etxe adimendunei esker, estalki gaineko eguzki-teknologia fotovoltaikoaren lehiakortasun gero eta handiagoari esker eta bateria bidez biltegiratzeko aukerei esker, energia-kontsumitzaileak eragile aktibo bihurtu dira merkatuan.

Zuzentarau berriarekin, kontsumitzaileek energia berriztagarriak autokontsumitu ahal izango dituzte, bidegabeko murrizketarik gabe, eta sareari saltzen dioten energia ordaindu egingo zaiela ziurtatzen da.

Zeintzuk dira kontsumitzaileentzako alde onak?

Eguzki-teknologiaren prezioa % 80 eta haize-teknologiaren prezioa % 30-40 murriztu da 2009-2015 aldian. Kostu-murrizketa horri esker, kontsumitzaileek beren energia berriztagarria ekoizteko aukera dute, gero eta gehiago. Zuzentarau berriarekin, kontsumitzaileek eskubide gehiago izango dituzte:

  • Beren elektrizitatea produzitu ahal izango dute eta soberakoa sarera isuri.
  • Komunitateetan antolatu ahal izango dira energia berriztagarria sortzeko, kontsumitzeko, biltegiratzeko eta saltzeko.
  • Energia erosteari utzi ahal izango diote beren kabuz energia-prestazio hobeak lor baditzakete.

Horregatik, instalazio hauek agertzea gertaera gogoangarria da energia-eredu berriranzko bilakaeran, eta eredu horretan energiaren demokratizazioaren printzipioa izango da nagusi.

Gure lurraldeak baldintza ezin hobeak betetzen ditu autokontsumo-sistemak ipintzeko etxeetan, enpresetan eta administrazio publikoetan.

Datorren hamarkadan, energia berriztagarrien parte-hartzea areagotzeko aukera nagusietako bat autokontsumoa izango da, bereziki, eguzki-energia fotovoltaikoan oinarritutakoa; hortaz, Europar Batasunaren energia-politika berrian funtsezko piezatzat hartzen da.

Halaber, azken urteotan instalazio hauen kostuak nabarmen murriztu direnez, errentagarritasun-atalasera iritsi dira eta, beraz, ekoizpen-kostuak lehiakorrak dira jada sareko energiaren erosketa-kostuei dagokienez; horrenbestez, “sarearekiko parekotasuna” kontzeptua txertatzen hasi da.

Arrazoi horiek direla eta, justifikatuta dago, ongi justifikatuta ere, administrazio publiko guztiek teknologia honen garapena irmoki eta arrakalarik gabe bultzatzeko betebeharra, bakoitzak dagokion jardun-eremuan, Europatik 2020. urterako ezarritako helburuak betetzeko oso lagungarriak izan daitezkeela eztabaidaezina baita dagoeneko.

Premisa horiei jarraikiz sortu zen “Autoconsumo al detalle” web-plataforma, informazioa emateko eta zabaltzeko.

Administrazio publikoek teknologia honen garapena irmoki eta arrakalarik gabe bultzatu behar dute funtsezkoak direlako 2020. urterako helburuak betetzeko.

Energia elektrikoa ekoizteko modu bat den aldetik, autokontsumoak banatutako sorkuntza-sistemen abantailak ingurumenaren, gizartearen eta lana sortzearen arloetako abantailekin uztartzen ditu, oro har, energia-iturri berriztagarrien aprobetxamenduan oinarritzen denez.

Gainera, ekonomiaren ikuspegitik begiratuta, energia elektrikoa norberak kontsumitzeko ekoizten denean, erabiltzaileen faktura elektrikoa merkatu egiten da, bai etxeetan eta arlo publikoan, baita ETEetan ere; ETEen kasuan, autokontsumoaren ereduak energia-kostuei eusteko aukera ematen die eta, horrenbestez, lehiakorragoak izan daitezke.

Bestalde, instalazio hauetan energia-galera txikiagoak gertatzen dira garraioko eta banaketako sareetan; halaber, eskari handieneko uneak murriztu ere egiten dira eta sarea garatzeko etorkizuneko inbertsioetan aurreztu egin daiteke.

2015. urteaz geroztik, Espainiak badu esparru arautzailea; 900/2015 Errege Dekretuan xedatu zen eta energia sortzeko modalitate honi lege-estaldura eman zitzaion. Egia da esparru hori ez dela egokiena eta alderdi tekniko, administratibo eta ekonomiko jakin batzuk hobetu daitezkeela, baina hasierako abiapuntu ona da instalazio hauek martxan jartzeko erabiltzaile mota jakin batzuentzat onargarriak diren gutxieneko errentagarritasun-parametroen arabera.

EnerAgen elkarteak hobetzeko proposamenak egin ditu etorkizunari begira, teknologia hau merkatuan gehiago txerta dadin; elkartearen ustez, autokontsumoa orainaldiko aukeratzat sustatu eta bultzatu beharko litzateke jada, sektore ekonomiko guztietan txertatu eta orokortzea lortzearren eta, horregatik, teknologia honen bilakaerari buruzko mezu positiboa eta baikorra helarazi nahi dugu.

Gizarteari mezu argia helarazi behar zaio; autokontsumoa egingarria da eta orainaldiko aukera bat da.

Azkenik, autokontsumoa energia berriztagarrien sektorearen eragile ere izan daitekeela aldarrikatu nahi du EnerAgen elkarteak; izan ere, duela hainbat urte ordainsarietan izandako aldaketek eragin handia izan zuten sektorean eta, praktikan, jarduera ia geldiaraztera iritsi zen. Autokontsumoarekin, enpresa horiek lanean has daitezke berriro, berrikuntza teknologikoaren osagaiak garrantzi handia duen enpresak diren aldetik eta lana sortzeko eta lanari eusteko gaitasun nabarmena dutela ere frogatu baitute.

Esandako guztiagatik, energia sortzeko sistema autoktono, banatu eta demokratikoa den aldetik, autokontsumoa da, zalantzarik gabe, kontsumitzaileek energia berriztagarrietan berriro ere konfiantza izaten hasteko aukerarik berehalakoena.

Autokontsumoa funtsezko pieza da energia-iturri berriztagarrietan oinarritutako banatutako sorkuntza-eredu baterantz aurrera egiteko.
amoxicillin over the counter