Gure webgunea – Auto Consumo al Detalle – ENERAGEN

Autokontsumoko teknologia gaur-gaurko gaia izan da azken 5 urteotan, komunikabideetan maiz agertu izan delako eta eskualdeko nahiz tokiko elkarte eta administrazioek hainbat ekintza egin dituztelako teknologia hau garatzeko esparru egonkorra onar dadin eskatzeko.

Dena den aipatu behar dugu teknologia hau 1980.urteaz geroztik ezartzen ari dela jada Espainian eta Europan, funtsean, industriaren sektoreko kogenerazio-instalazioekin loturik.

Azken urteotan, berrikuntza batek eragin oso handia izan du bai gizartean, bai komunikabideetan; hain zuzen ere, teknologia honen potentzial ukaezina da berrikuntza hori, gainerako sektore ekonomikoetara ere orokortzeko aukera emango dion potentziala, instalazioen kostuak nabarmen murriztu direlako. Halaber, edozein erabileratarako eraikinetan txertatzeko aukera ere ematen du, teknologiaren aplikazioa baldintzatuko duten muga teknikorik edo erabilera-mugarik gabe.

Ikuspegi horretatik begiratuta, autokontsumoa goraka ari den teknologiatzat har daiteke, eta hasierako etapetan dagoela esan dezakegu, gizartearen sektore guztietan modu masiboan txertatu aurretik.

Horrela, bada, goraka ari den teknologia ororen moduan, alderdi teknikoetan, erregulazioan eta alderdi ekonomikoetan bilakaera logikoa izateaz gain, gizartearen arloko eta komunikazioaren arloko oztopoak gainditu behar ditu.

Azken urteotan teknologia honi lotutako arauetan ziurgabetasuna handia izaki, nolabaiteko baina oinarririk gabeko mesfidantza, segurtasunik eza eta desinformazioa eragin ditu erabiltzaileen profil jakin batzuengan eta, praktikan, instalazio hauen garapena eragozten ari da.

Horregatik, EnerAgen elkartearen ustez energia elektrikoa autokontsumorako ekoizteko instalazioen erabilera bultzatzeko eta zabaltzeko oinarrizko baldintzetako bat instalazio hauen alde onak eta abantailak ezagutaraztea da.

Eta hain justu alderdi horiek dira “Autoconsumo al detalle” plataformaren egitekoak.

Gure helburua

Plataforma honen helburu nagusia zera da, erabiltzaileei teknologiaren ikuspegi aseptiko eta inpartziala eskaintzea. Informazio hori administrazio publikoez osatutako erakunde batek ematen duenez eta erakunde horrek ez duenez inolako merkataritza-interesik, informazioaren gardentasuna, zorroztasun teknikoa eta egiazkotasuna bermatzeari bereziki eman diogu garrantzia.

Zer egiteko aukera emango du webguneak?

  • Webgune honen bitartez, erabiltzaileek teknologia honi dagozkion hainbat alderdi –lege-arlokoak, teknikoak eta ekonomikoak– orokorrean ezagutzeko aukera izango dute, eta instalazioak osatzen dituzten sistema eta ekipo tekniko bakoitzak zer eginkizun betetzen dituen ere jakingo dute; horretarako, ahal den heinean, elementu grafikoak eta bisualak baliatu ditugu interfaze oso intuitibo batean.

  • Bestalde, webgune honetan, erabiltzaileen hainbat mota identifikatzeko moduko instalazioen diseinuko kasu praktikoak jarri ditugu interesdunen esku; diseinu horien funtzionamendu-parametroak, ratio teknikoak eta ratio ekonomiko garrantzitsuenak zehaztu dira. Aztertu diren kasu praktiko horiek ahalik eta ikuspegi didaktikoenetik begiratuta aurkezteari erreparatu diogu bereziki, erabiltzaileak nolabaiteko eta ezinbesteko kultura energetiko eta tarifarioa izan dezan lortzeko.

  • Horren osagarri, instalazioen gutxi gorabeherako dimentsioak kalkulatzeko tresna bat eskaintzen da, batik bat, etxeko erabiltzaileei zuzenduta; tresna horri esker, magnitudeen ordena onargarri batekin, sistema hauen prestazioak kalkulatu ahal izango dira eta sistemen funtzionamendu-parametro nagusiak ere eskuratu ahal izango dira, betiere oinarrizko datuak sartuta eta konplexutasun tekniko handiegirik gabe.

  • Erabiltzaile aurreratuagoei dagokienez, webgune hau proiektugile eta instalatzaileentzako laguntza teknikoa ere izan daiteke, kalkulu azkarrak egiteko hainbat tresna eskaintzen baititu baina, aldi berean, instalazioen dimentsionamendu osoa egiteko metodologian sakontzen du eta diseinurako irizpide orientagarriak ezartzen ditu, betiere instalazioen optimizazio energetiko eta ekonomikoan oinarrituta; horretarako, gida tekniko bat prestatu dugu eta doan eta nahieran zabal daiteke gida hori, erreferentziako dokumentutzat erabili ahal izateko.

Beste gai bati helduta, ezarritako sustapen-neurriek zenbateko eragina duten egiaztatzeko, ezinbestekoa da teknologia honen bilakaerari buruzko datuak zehatz-mehatz jakitea. Ildo horretan, “Zifrak” atala tresna estatistiko oso baliagarria da; izan ere, horren bitartez, energia-iturri, lurralde-eremu eta Espainian dauden autokontsumo-instalazioen mota bakoitzari dagozkion instalazioen kopuruari eta tamainari buruzko datuak prozesatu, aurkeztu eta bisualizatu daitezke. Atal hori hiru hilean behin eguneratuko dugu.

Maiz egiten diren galderen atal erabilgarri batekin amaitzen da plataforma honen edukia; atal horretan, erabiltzaileek egiten dituzten ohiko galderei erantzuten zaie eta atal “bizia” dela esan dezakegu, datozen hilabeteotan gertatzea espero dugun teknologiaren garapenaren ondorioz ziurrenik sortuko diren galdera garrantzitsuenen erantzunak ere txertatuko baititugu arian-arian.

Amaitzeko, aipatu nahi dugu “Autoconsumo al detalle” webguneak ez duela tresna estatikoa izan nahi, guztiz kontrakoa baizik.

Ziurrenik, plataforma honetako edukia aldatu eta osatu egingo da denborarekin, betiere EnerAgen elkarteak eta elkartea osatzen duten erakundeek AUTOKONTSUMOARI BAI esateko helburuari jarraituz.
amoxicillin over the counter