Autokontsumoari dagokionez, Energia Kudeatzeko Espainiako Agentzien Elkartearen ustez:
-
Autokontsumoa aukera teknikoki bideragarria da erabiltzaile batek energia elektrikoa norberak kontsumitzeko ekoizteko; hartara, erabiltzailearen faktura elektrikoa merkatu egiten da.
-
Autokontsumo-instalazioek alde on ugari dituzte energiari dagokionez, banatutako sorkuntza-sistema horretan murriztu egiten baitira energia-galerak sare elektrikoan.
-
Ingurumenaren ikuspegitik begiratuta, oro har, energia-iturri berriztagarrien aprobetxamenduan oinarritzen denez, autokontsumoak emisioak murriztea dakar iturri konbentzionaletan oinarritutako energia-ekoizpenarekin alderatuta.
-
2015 urteaz geroztik, Espainiak badu esparru arautzailea; elektrizitatea sortzeko modalitate hau barnean hartzen du eta instalazioek sare elektrikora konektatu ahal izateko bete behar dituzten araubide ekonomikoa, betekizun teknikoak eta baldintza administratiboak xedatzen ditu.
-
EnerAgen elkartearen ustez autokontsumoa sustatu eta indartu egin behar da sektore ekonomiko guztietan modu uniformean orokortzea lortzeko.
Egungo esparru arautzailea hobetzeko honako proposamen hauek egiten ditugu:
-
Instalazioak konektatzeko prozedurak sinplifikatzea eta nazio osorako irizpide eta eskema homogeneoak ezartzea elektrizitate-konpainia banatzaileek aplikatzeko; hori guztia aurrerapauso garrantzitsua izango litzateke autokontsumoa txertatzeko.
-
Autokontsumo-instalazioak “erabiltzaile anitzeko” moduan ezartzeko aukera emango lukeen araua prestatzea mesedegarria izango litzateke instalazio horiek kontsumitzaileen segmentu jakin batzuetara ere zabaltzeko.
-
Autokontsumitutako energiagatiko karguak berrikustea. Kargu horiek finkatzeko premisa jakin batean oinarritu beharko litzateke: autokontsumo-instalazioek sistema elektrikoaren kostu errealetan zentzuzko parte-hartzea izatea lortu beharko litzateke, baina karguok ez lukete atzera-eragileak izan behar, inolaz ere, eta ez lukete instalazioen bideragarritasuna kolokan jarri behar.
-
Autokontsumoaren erregulazioan teknologia bakoitzaren berezitasunak aintzat hartu beharko lirateke; halaber, instalazioei dagokienez, energia aurreztearekin, energia-eraginkortasunarekin eta energia kudeatzearekin lotutako aldagaiak txertatu beharko lituzkete.
-
Autokontsumoaren alde onak frogatu ostean, instalazio hauek ustiatzeko eredu eraginkorragoak lortu beharko lirateke, hala nola energia-saldoak konpentsatzeko sistemetan edo “balantze garbia” sisteman oinarritzen direnak.